Eguraldi ederra eta inoiz baino arrakastatsuago Berako XXV Lurraren Eguna

Arantzako Margarita Madariagak irabazi zuen gazta lehiaketa eta Lesakako Imanol Lopezek sagardoarena

(TTipi-ttapa aldizkaria)

lurraren eguna 2011  Arg: Aitor Arotzena

 

Udako eguraldi eguzkitsuarekin burutu zen igandean Berako Gure Txokoa elkarteak hogeita bosgarren urtez antolatutako Lurraren Eguna. “Inoiz baino feria handiagoa” izan dela aipatu digute antolatzaileek, 134 eskulangile eta produktore plazaratu baitziren.

 

Goiz goizetik Altzateko karrikan eta plazan barna hedatuak zeuden 76 eskulangileen postuez gain, 58
lagunek eramandako barazki eta baserri eta mendietako produktuak ikusgai izan ziren eskola inguruan. Honela, letxua, onddo, gaztaina eta ohiko produktuekin batera, bertze zenbait exotikoagoak ere topa zitezkeen, lufa esponja naturala, rivanoa edo Budaren eskuak, bertzeak bertze.

Bien bitartean, 25. Gazta lehiaketako eta 14. Sagardo lehiaketako epaimahaiak lanean ari ziren, azken hauek Karnesenean, Altzateko etxe historikoan.

Gazta lehiaketan hamabi ale aurkeztu ziren eta horien artean, Arantzako Serorenbordako Margarita Madariagak irabazi zuen 220 euroko lehen saria. 100 euroko bigarren saria Etxalarko Intzekobordako Josetxo Ariztegirentzat izan zen eta hirugarrena, 75 euro, Arantzako Simonenbordako Loli Mutuberriarentzat

lurraren eguna 2011 . Arg: Aitor Arotzena

Sagardo lehiaketara, berriz, 16 botil sagardo aurkeztu ziren eta horien artean, Lesakako Lokarinbordako Imanol Lopezek eskuratu zuen 200 euroko lehen saria. Bigarren saririk ez zen eman, bai ordea bi aipamen berezi, Alkaiagako Periko Matxikoteren eta Joxe Agustin Irigoienen sagardoentzat.

Egun osoan, besta giroa bizitu zen Beran eta horretan lagundu zuen Irastortza ahizpen trikitixa taldeak, musika bandak, txistulari eta akordeolari taldeek eta Kuxkuxtu txarangak. Ikastetxe ezberdinetako ikasleek ere, bere produktuak eta zozketak salgai paratu zituzten, gehienek ikasbidaiak ordaintzeko. Lurraren Eguneko lantaldeak taloak prestatu zituen eta burduntzian erretako pottoka haragiaren pintxoak ere arrakasta izan zuten. Ikastolan, Rosa Errandoneak paratutako argazki erakusketa ikusgai izan zen, Berako baserriei buruzko 130 argazkirekin.

Arratsaldean, Zirika Zirkus taldearen Dantzateke ikuskizuna ikusgai izan zen eta Manolo Arozena eta Julen Zelaieta bertsolariak aritu ziren.

Bezperan, bosgarren barazkiopil lehiaketa ere egin zen. Hamar koadrilen artean, Bernardette eta Alexek irabazi zuten lehen saria, 100 euro, garaikurra eta kaja bat ardo.

 
 
 

 

                                                                                                                                                                                                                                                                             logo9
 

Ricardo Baroja" eskola publikoa / Altzate kalea 8

31780 Bera (Nafarroa)

 Tfno: 948 625019 

Email: Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.